XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izar baten gainean

Ines triste bizi zen aita galdu zuenetik.

Lehen hain nexka bixia eta alaia zena, zeharo goibeldu zen.

Itzalita bezala gelditu zen gaixoa.

Haren begiak ez ziren lehengoak, ez. Haren begiratuak ez zuen lehengo brilorik, ez lehengo eguzki-izpirik.

Buru-makur, pentsakor eta triste gelditu zen neska txikia.

Ama saiatzen zen, aitaren oroitzapen tristeak alabaren burutik uxatzen, baina, ez zuen lortzen.

Hark ere nahiko lan bazuen bere buruarekin. Izan ere, ezkonduta hamar urtera senarrik gabe gelditzea, ez da golpe makala, batez ere, haiek bezela elkar maitatzen denean.

Alabatxoaren aurrean, bere penak disimulatzen egiten zuen ahalegina, baina beti ez zen lan erreza izaten.

- Ama, baina, non dago aita? Nora joan da? Noiz etorriko da?

Amatxo parean harrapatzen zuen bakoitzean, tiroak bezala botatzen zizkion galderak, bat bestearen atzetik, denak segidan. Amak ahal zuen moduan erantzuten zion, baina, asko sufritzen zuen, alabatxoa bi begiak busti-busti eginda negar zotinka ikusten zuen bakoitzean.